5.1. “Europako Zuzenbide Penala azaleratzen ari da”
Arartekoak EHUrekin lankidetzan antolatutako hitzaldia
Arartekoak gonbidatuta, martxoaren 4an hitzaldi bat eman zuen Bilbon Peter Jozsef Csonkak -Europako Batzordeko Justiziako Zuzendaritza Nagusiko kontseilaria eta Europako Estatutu Fiskaleko erredaktore taldeko koordinatzailea da bera-. Topaketa hori Arartekoak antolatu zuen, EHUrekin elkarlanean, izenburu honekin: “Europako Zuzenbide Penala azaleratzen ari da”.
Peter Csonka aditua da alde anitzeko hitzarmenak egiten, baita Europako Zuzenbidean eta Zuzenbide Konparatuan ere, eta eskarmentu handia du, nazioarte mailan, giza eskubideekin lotutako gaietan.
Ekitaldi horretan, unibertsitateko, Fiskaltza eta justizia administrazioko, Eusko Jaurlaritzako eta beste erakunde batzuetako ordezkariak izan ziren.
5.2. “Fiskaltzaren eginkizuna ingurumena kontrolatu eta babestean”
Arartekoak, Euskal Herriko Fiskaltzarekin lankidetzan, jardunaldi bat antolatu zuen Bilbon 2016ko apirilaren 8an, jakin nahi baitzen Fiskaltzak zer ekimen zuzendu dituen ingurumenaren kontrako delituak ikertu eta esestearen arloan.
Topaketa horreni bidez, Arartekoak jendea sentikorrago bihurtzen lagundu nahi du gizartean gero eta garrantzi handiagoa duen errealitate baten gainean: ingurumena babestea.
Manuel Lezertua arartekoak eta Juan Calparsoro Euskal Herriko Auzitegiko fiskal nagusiak hasi zuten jardunaldia. Gero, ingurumen-eskubideak aitortzearen arloan, Arartekoak eta beste gizarte-erakunde batzuek zer lan egiten duten ezagutu ahal izan zen, eta gai horretako aditu batzuek ekarpenak egin zituzten.
Aditu horien artean izan zen Antonio Vercher, Auzitegi Goreneko fiskala eta Ingurumen eta Hirigintza arloko koordinatzailea baita. Ponentzia bat eman zuen Fiskaltzak ingurumena kontrolatu eta babestean duen eginkizunaz.
Ondoren, mahai-inguru bat egin zen, Arantza Lezamiz kazetari eta ingurumen arloko heziketako masterdunak moderatuta. Bertan, gure autonomia erkidegoko errealitatetik abiatuta, beren ekarpenak egin zituzten Xabier Caño abokatuak (ingurumen arloan aditua), Carlos Barcinak (Ararteko erakundearen ingurumen arloko koordinatzailea); eta Ekologistak Martxan eta Eguzki bezalako elkarte ekologistetako zenbait ordezkarik.
5.3. “Emakumeak eta adingabeak sexurako salerostea”
Arartekoak eta Emakundek antolatuta, azaroaren 10ean, emakume eta adingabeak salerosteari buruzko jardunaldi bat egin zen, Gasteizko Europa jauregian.
Jardunaldia Emakundek urtean behin antolatzen duen Berdintasunerako gunearen ekintzetako bat izan zen, eta indarkeria mota hori desagerrarazteko lan egiten duten profesionalek hartu zuten parte.
Jardunaldiaren helburuak honako hauek ziren:
• Fenomeno unibertsala den eta emakumezkoen eta neskatoen eskubideak sistematikoki urratzen dituen salerosketaren kausak zein diren aztertzea.
• Pertsonen salerosketari Espainiako estatuan eta nazioartean zein lege aplikatzen zaizkion ezagutzea.
• Salerosketak biktimen bizitzan duen eragina ulertzea.
• Salerosketaren biktima izan diren emakumeak eta neskatoak artatzean egun zein erronka ditugun identifikatzea.
Ekitaldia Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariak eta Manuel Lezertua arartekoak hasi zuten.
Bertan, arartekoak esan zuenez, “fenomeno honek ikaragarrizko hedadura du, nekez neur badaiteke ere, eta gure gizarteko pertsonarik ahulenei eragiten die gogorkien, bereziki emakumeei eta neska-mutikoei”.
Lezertuak hauxe gaineratu zuen: “ildo horretan, emakumeen kontrako indarkeriaren adierazpen garratza da, eta, dudarik gabe, munduan emakumeen eta gizonen artean oraindik dagoen desberdintasun orokor eta egiturazkoaren beste adierazpen bat”. Gainera, adierazi zuen jardunaldia abiapuntu izatea espero zuela, gizartea eta erakundeak sentikorrago bihurtzeko, lanbide- eta lurralde-ikuspegi desberdinetatik, baita esku hartzeko diziplina edo eremu desberdinetatik ere iritziak trukatzeko, eta geroan elkarrekin lan egiteko oinarriak ezartzeko.
Gianluca Espositok –Europako Kontseiluaren zerbitzuburuak– esparru-ponentzia bat aurkeztu zuen, non gizakien salerosketaren kontrako borrokaz Europako Kontseiluak 2005ean sinaturiko Hitzarmenaren berri eman zen. Bestalde, Inmaculada Montalbán Andaluziako Auzitegi Nagusiko magistratuak eta Luis Lafont fiskalak –salako fiskalari, atzerritarren arloko koordinatzaileari atxikia– hizpide izan zuten gai horrek Espainian eta nazioartean bizi duen egoera.
Jardunaldi horretan, gaia generoaren eta giza eskubideen ikuspuntutik ere aztertu zen, lehen mahai-inguruan; baita poliziaren ikuspegitik ere, poliziako hainbat adituk osatutako beste mahai-inguru batean.
Ondoren beste bi mahai-inguru egin ziren: bata, delitua pertsegitzeko gaur egun dauden erronkez, eta, bestea, gizakien salerosketaren biktimekin gizartean esku hartzeaz.
5.4. Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalaren 68. urtemuga ospatu du Arartekoak
Giza Eskubideen Nazioarteko Eguna ospatzen zela eta, abenduaren 9an, Arartekoak, Bizkaia Jaurerriko Abokatuen Bazkunak eta Euskal Herriko Auzitegi Nagusiak hitzaldi bat antolatu zuten Bilbon. Hitzaldi hori Guido Raimondi Giza Eskubideen Europako Auzitegiko presidenteak eman du, izenburu honekin: “Giza Eskubideen Europako Auzitegiaren jurisprudentzia, eskubide sozialen arloan”.
Bere mintzaldian, Raimondik hauxe esan zuen: eskubide zibil eta politikoak lehen belaunaldiko eskubidetzat jotzen dira eta babes jurisdikzional zabala dute; aldiz, eskubide ekonomiko eta sozialek, hau da, historikoki eskubideen bigarren belaunaldia osatu dutenek, ez dute horrelako babes sendorik. Nabarmendu zuenez, “Giza Eskubideen Europako Hitzarmenak ere ez die arreta handiegirik eskaintzen”.
Giza Eskubideen Europako Auzitegiko presidenteak zenbait eskubide ekonomiko eta sozial aipatu ditu, hala nola askatasun sindikala, jabetzarako eskubidea, hezkuntzarako eskubidea edo bizitza pribatua errespetatua izateko eskubidea.
Arartekoak efemeride hori nabarmendu nahi izan du Giza Eskubideen Egun Unibertsalean, Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalaren 68. urtemugan. Agiri hori mugarria da nazioarteko Zuzenbidearen historian. Lege- eta kultura-tradizio ezberdinak dituzten munduko eskualde guztietako ordezkariek prestatu zuten Aldarrikapena, eta planetako herri eta nazio guztientzako eredu komun izendatu zuten. Aldarrikapenean lehen aldiz aipatu ziren banan-banan, nazioartean, gizaki guztiei datxezkien oinarrizko eskubide eta askatasunak.